LITERATURA

Xabier Lete idazlearen “Elurra ikusi dut” hizpide izango dute gaur Donostian

Koldo Izagirrek Xabier Leteren obra poetikoa batu du Elurra ikusi dut (Elkar) izenburupean. Bada, liburu horren inguruan arituko dira autorea bera eta Iñigo Aranbarri, gaur, Donostiako Liburutegi Nagusian, 19:30etik aurrera. Aranbarri dinamizatzaile arituko da.

Poema eta kanten bilduma kronologikoaz gain, autorea ezagutzeko baliabide gehiago ere badakartza Elurra ikusi dut  lanak: biografia, nabigazio tematiko ebolutiboa egiteko aukera, eta Lete ulertzeko saiakera artikulua. Bere lehen liburutik azkenekora, poemarik esanguratsuenak hautatu ditu, eta baita bere kanten artean balio poetikorik handiena dutenak ere.

Argitaletxearen hitzetan, “Xabier Lete, azken mende erdiko euskaldun guztion oroimen sentimentalean sakonkien sartu den poeta izan liteke, eta hala ere, neurri handi batean poeta ezezaguna dela esan liteke, berak bere liburuei inportantzia handirik eman ez zielako, eta kanten interpretazio indartsuen aldean paper hutsezko testuak itzali antzean geratu direlako. Haren heriotzatik urte batzuk iraganda, beharbada iritsi da unea Leteren obra neurtzeko, berrirakurtzeko, duen balioa emateko. Horretara dator Koldo Izagirrek prestatu duen antologia hau”.

Antologia honek ikuspegi orokorra ez ezik, autorearen biluztasun totala dakar. Xabier Leteren poesia interpretatzeko saio mamitsu eta guztiz interesgarria, poeta oiartzuarraren alderdi eztabaidagarrienak ere jorratzen dituena, bere testuinguruan kokatuz. Hala dio Izagirrek prestaturiko epilogoan: “behar genituenak eman zizkigun,… kezka soziala, herri izatearen kontzientzia, maitasun galdua, heriotza, zanpaketa. Eta tristura, euriak eta lainoak eta egunerokoan ekarria”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button