ARTEA

Pandemiaren inpaktua argazkitan

Basauriko Arizko Dorretxean, Aitor Bernaolaren Paperezko hesiak argazki erakusketa paratu dute, eta apirilaren 27ra arte ikusgai izango da.

Egileak berak honela deskribatu du bere proposamen grafikoa. “Mehatxu ikusezin batek, arrisku geldiezin batek, mehatxatu zuen Ekialdeko Asia, 2019ko amaieran. Urrun zegoela ematen zuen hasieran, baina azkar batean heldu zen gurera ere. Birusak azkar bidaiatu zuen, eta ustekabean harrapatu gintuen gutako asko. «Ez zait gustatzen honek guztiak duen itxura»: horixe txiokatu zuen Helen Branswellek, osasun-berrien STAT webguneko kazetari zientzialariak, 2020ko urtarrilaren 2an. 2023ko abuztuaren 2rako, 768.982.331 ziren munduan Covid19ak kutsatutakoak.
Paperezko hesiak 31 argazkiz osatutako erakusketa grafikoa da, Covid19ak Basaurin izan zuen inpaktuari buruzkoa. Erretratu gehien-gehienak kronologikoki antolatuta daude, eta izenburua, Paperezko hesiak, herritarroi ezarri zitzaigun lehen aginduetako bati dagokio: musukoen geruza finen atzean babestea.
2025eko martxoan, bost urte bete dira itxialdia hasi genuela. Hori aitzakiatan, erakusketa honetan irudikatu nahi izan ditut, batetik, familiarekin etxe barruan bizitako uneak, eta, bestetik, guk guztiok herriko kaleetan bizitakoak. Finean, orain urrun geratzen zaigun, baina orduko hartan imajinatzen zaila zen errealitate hura erakutsi nahi izan dut”.

Show More

Related Articles

Back to top button