
Gasteizko Artium zentro eta museoak kontzertuak ondu ohi ditu igandeetan, ondoan duen plazan, hain justu. Kontzertuak 20:00etan hasten dira, eta hil honetan hauexek arituko dira: igandean, Pájaro 1 Pájaro 2; 13an, Libe; 20an, Pelax eta 27an, Mice.
Gasteizko Pajaro 1 Pajaro 2 bikoteak Earth 01 Moon 07 izenburuko bigarren lana aurkeztuko du. David Madinabeitiak eta Alvaro Larroryk Bartzelonako Artspace estudioetan grabatu dute lan berri hori. Diskoa David Solerrek eta Angel Medinak ekoitzi dute, Maria Arnal i Marcel Bagés edo Nico Roig-en lanetan ere parte hartu dute, besteak beste. Hala, grabazioan bildutako hamar kantuetan pop-rock melodiak nagusitzen dira. Melodiak, country-rock zertzeladak eta detaile akustiko zein elektronikoak entzuten dira.
Libe musikariak, berriz, Ilargia erori da izenburuko lana argitaratu zuen iaz, Bonberenea Ekintzak markapean. Diskoak teklatuek bultzatutako sei pop kantu ilun bildu ditu, baina ahots eta gitarren presentzia handiarekin apainduak. Diskoa Karlos Osinagak ekoitzi du Tolosako Bonberenea estudioan. Osinagak, gainera, baxua ere jo du sei katuetan. Libek bere ohiko bi kolaboratzaile ere izan ditu ondoan: Txus Villalabeitia, gitarra eta Dani Arrizabalaga, bateria.
Unai Pelayo donostiarrak, hots, Pelax kantautoreak Talkak egiten du didaktika izenburuko lana eramango du Artiumera. Zuzenean, taldearekin aritzen da.
Azkenik, Mice Miren Narbaiza musikariaren bakarkako egitasmoa berria da. 2017an, estreinako lan homonimoa plazaratu zuen, bai eta kritika oso onak jaso ere . Joseba Baleztenak (Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir, Sumisión City Blues) ekoitzia, tentsio handiko pasarteekin eta une intimoekin jositako lan plurala eta pertsonala da.