LITERATURA

“Oroitzen hondarra nota txikietan” poema errezitaldia, Algortan

Algortako Azebarri Kultura Elkartean, igandean, martxoaren 20an, eta 18:30ean, Oroitzen hondarra nota txikietan poema errezitaldi musikatua antolatu da Mikel Etxabururen idazlearen eskutik.

Oroitzen hondarrak nota txikietan Mikel Etxaburuk idatzi eta argitaratu duen Ahaztu baino lehen, ama (Pamiela) poema liburuan oinarritutako emanaldi musikatua da.
Errezitaldian poemak eta musika nahasten dira, izan ere, piano soinuz (Izaskun del Cerro), kantuz (Nerea Zuloaga), irudiz (Yera Sanchez), poemez eta argiztapen bereziz giro intimoan murgiltzeko ordubeteko esperientzia bat osatu du egileak.

Errezitaldian hainbat gai agertuko dira, hala nola, zahartzaroa, memoriak eta desmemoriak, bizitzak eta heriotzak… eta batez ere, zaintza lanak eta bizitzak.
“Guztiok bizi izan dugun, bizitzen ari garen edo biziko ditugun une intimoei kantatuko diegu eta elkarrizketa xamurra sortuko dugu piano doinu ederrez lagundutako poemen bidez.

Baneki non bizi diren zure oroitzak
banaka-banaka bildu eta
daroazun txabusina gorriko patrikan gordeko nizkizuke
mendazko karameluak gordetzen dituzun patrika berean,
horrela, bakardadeak gogoa sumintzen dizunean,
karameluen ordez
miazkatu ahal izango zenituzke oroitza galduak
.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button