ESZENA

Pabellón 6-k “La Casa de Bernarda Alba” estreinatuko du

Urtarrilaren 20 eta 21ean, Bilboko Pabellón 6 aretoak La Casa de Bernarda Alba antzezlana jasoko du, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Bertako Antzerki Laborategian emakume talde bat elkartu da, antzerkiaren arloko profesionalak, denboran oraindik dagoen aita-lehentasun inozo horren aurkako garrasia altxatzeko nahiarekin, La Casa ee Bernarda Alba-ren mirari poetikoaren bitartez.

Federico García Lorcaren hil osteko lana da La Casa de Bernarda Alba, olerkaria erail eta bi hilabetetara argitaratu zen, eta 1945ean Margarita Xirgu konpainiak estreinatu zuen Buenos Airesen. Espainian emanaldi bakarra baimendu zen 1964ean. Ordutik eta pasa den urte arte, Lorcaren oinordekoen kontrol zorrotza dela eta, hainbat eta hainbat proposamen bertan bera gelditu izan dira. Olerkariaren lanak domeinu publikoarenak izatera pasatu dira ordea, eta Pabellón 6ko Laboratorio Teatral-ek, urtarrilaren 20an, Itziar Lazkanok zuzendutako moldaketa estreinatuko du.

Opresio patriarkalaren iraunkortasunaren aurkako aldarrikapena xede duen proposamen hau defendatuko dutenak Olatz Ganboa, Vene Herrero, Idoia Merodio, Nagore Navarro, Leire Orbe, Carmen Pardo, Aiora Sedano eta Yannick Vergara izango dira. Iragan ez hain urrunera bidaiatuko du ikusleak, lau belaunaldi atzera besterik ez, emakumearen aurkako indarkeria eta genero-desparekotasunaren sustraiak oinordetzan hartu ditugun kultura eredu irrazionaletan oinarrituta daudela ulertzeko.

 Gaur egun, autoekoiztutako lanek garrantzi berezia dute Pabellón 6ek eskaintzen duen programazioan. Aipatutako obraz gain, lehenengo seihileko honetan Pabellón 6ko gazte konpainiak Aborigenak (Lorca-Buñuel-Dalí) lana estreinatuko du, eta unibertso abangoardistarekin lotutako hainbat ekintza ere izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button