IKUS-ENTZUN

Koreako zinema, Nafarroako Filmotekan

Nafarroako Filmotekak Hego Koreako bi film pantailaratuko ditu hil honetan: gaur, Ah-Ga-Ssi (Park Chan-wook, 2016), eta gaur zortzi, Dangsinjasingwa dangsinui geot (Hong Sang-soo, 2016), 20:00etatik aurrera.

Sarah Waters idazlearen Fingersmith eleberrian oinarritutako antzinako thriller erotikoa da gaur pantailaratuko den Ah-Ga-Ssi (Dontzeila). Maisulana da, eta zine fantastikoan espezializatutako Sitges jaialdian, ikus-entzuleen saria jaso du. Film honen bitartez, Park Chan-wook zinegileak aurreko filmetako hemoglobina baztertu du, eta intriga psikologikoetan barneratu da.

1930ean kokatu du zuzendariak filma, Hego-Korea japoniarren mende zegoen garaian, hain justu. Sookee gaztea da filmaren protagonista. Hala, Hideko izeneko emakume japoniar gazteak Sookee kontratatuko du neskame. Hideko, bestalde, luxuzko etxe handi batean bizi da bere osaba artegagarri eta liburuzalearekin. Sookee gazteak Hideko aristokrata depresiboa ezagutzen hasiko da, zeinak sekretu handia gordetzen duen.

Datorren astean emango duten Dangsinjasingwa dangsinui geot, bestalde, 2016ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Zilarrezko Saria jaso zuen, zuzendari onenaren sailean.

Nafarroako Filmotekaren arabera, hauxe kontatzen du: “Youngsoo margolaria bere neskalagun den Minjung mutil batekin zer edo zer hartzera joan zela jakin eta berarekin borrokatzen du. Gau horretan eztabaidatzen dute eta Minjung etxetik ateratzen da, denboraldi batean elkar ez ikustea hobe dela esanez”.

Bi filmen inguruko informazio gehiago: filmotecanavarra.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button