
Urtero, garai honetan egiten da Bilbon Bidaiarien Txokoa programa. Bertan, mundu osoko kultur aniztasuna zabaltzen da bidaiari handien begiradatik eta euren hitzaldien, erakusketen, tailerren, kontzertuen eta proiekzioen bitartez
Aurten programaren zortzigarren edizioa izango da Begoña barrutiko udaltegian, eta Bilboko Udaleko Kultur Programazio Zuzendariordea Justo Ezenarrok aipatu duenez, “…programazio honen helburua beste ohitura, paisaia, esperientzia, musika eta usainak Bilbora ekartzea da”. Berarekin batera, Nagore Zuazok, programaren arduradunak eta Jon Arretxe idazleak, hartu dute parte.
Datorren asteazkenean, urriaren 5ean, hasiko da ekimen bidaiaria. Ander Izagirre kazetari eta idazleak moderatuko du turismo jasangarriari buruzko mahai-ingurua non Izaskun Merodiok, Zigor Aldamak eta Ortzi Akizuk hartuko duten parte.
Hitzaldi ziklo bat izango da programazioaren ardatz nagusia. Hala, Egoi Urkiza eta Rasa Varnaite, bi urtez belaontzian munduari bira eman dioten bi gaztek, euren esperientzia kontatuko dute Vuelta al mundo en velero izeneko hitzaldian (urriaren 11n, 19:30ean).
Bigarren hitzaldia Iñigo Rumenigek emango du euskaraz, Zetaren bidea txirringaz izenburupean (urriaren18an, 19:00etan).
Hurrengo hitzaldia (urriaren 19an, 19:30ean) Haritz Rodriguez kazetariak eskainiko du. Tokitan.tv, Haritz Rodriguez protagonista duen bidaiei buruzko webtv-a eta abentura da. Bertan bidaietako bideoak eskegitzen dira internauten gozagarri.
Hitzaldi ziklo hori urriaren 26an amaituko da (19:30ean), Jon Arretxe idazleak emango duen 11 bidaia 11 liburu hitzaldiarekin. “Nire bidaiak nola hasi nintzen egiten eta zelan literaturarekin lotu nituen kontatuko dut. Liburuak nola sortu diren bidaietatik, eta nola topatzen ditudan aitzakiak bidaiak egiteko eta horretaz liburuak idazteko”, adierazi du idazle bizkaitarrak.
Horretaz gain, musika ere egongo da. Urriko ostiral guztietan musika berezia eskainiko da. Aurtengo edizioan lau emanaldi antolatu dira, Paraguayko (Los Norteños del Paraguay), Greziako (Vasilópoliseko Konpainia), Irlandako (Ruaille-Buaille taldea) eta Japoniako (Yoshie Sakaik) musikarekin.
Chilo saioko filmak ere pantailaratuko dira ostegun guztietan, 19:30etik aurrera, eta osagarri gisa ere, erakusketa pare bat antolatu da: Y tú ¿con quién estás? Yo, con las mujeres de África eta Zetaren bidea izenekoak.
Bidaiei buruzko jatorrizko laburmetraiak sarituko dituen Bidaiari Dubi Dubi lehiaketaren berri ere emanda prentsaurrekoan. Ekimen hori 18 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta. Lehiaketara aurkezten direnek, gehienez ere hiru minutuko iraupena izango duten bideoak aurkeztu beharko dituzte, eta bidaia bateko zenbait lekuren irudiak jaso beharko dituzte, bertako protagonistak dantzan ari diren bitartean. Lanak aurkezteko epea urriaren 9an amaituko da.
Programazio potoloarekin amaitzeko, bidaiak antolatzeari buruzko tailerrak antolatu dira. Ikastaro guztiak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira, azaroan zehar.
Informazio guztia hemen duzue.