
Getxoko Andres Isasi Musika Eskolak Neguko bidaia zikloa antolatu du urtarrilean eta otsailean, “genero eta musika estilo ezberdinez gozatzeko gonbitea eginez”.
Aurten, Pasieran eta Juan Ortiz Trio taldeen jazza, Mario Clavell & Lagunak taldearen fusio-rocka, Per Quattroren perkusioa, Ainola Quarteten soinu klasikoak eta Olatz Saitua & Itsaso Sainz de la Mazaren errezitaldi lirikoa izango dira entzungai.
Lehen kontzertua, Elurretan pasieran izenekoa, larunbatean izango da, hilak 17, eta bertan, Iñar Sastre (pianoa), Hasier Oleaga (bateria) eta Jon Piris (kontrabaxua) arituko dira. “Soinuen artean pasieran ibiltzea da jazz proiektu honen aitzakia. Oraingoan, elur paisaietatik abiatuko da leku ezezagunetan galtzeraino. Ibilaldiko lehen urratsak, armonia garaikideak eta jazzaren erritmikak bat egiten duten bideetatik dira, gerokoak auskalo. Abiapuntua konposizio propioak dira, eta sortzeko modua, inprobisazioa”.
Kontzertu guztien gaineko xehetasunak: Neguko bidaia.



