MUSIKA

Gora Gora Kids taldeak "uaouh, miau & yeah!" estreinako lana plazaratu du

Zortzi abestiz osatutako lan hau Andoaingo Astikrusti estudioan grabatu dute 2009ko udan Xabi Astigarragaren laguntzarekin. Bera arduratu da kantuen nahasketa eta masterizazioaz. Emaitza, disko bizi, bero eta dibertigarria da. Azkarra, diskoak 23 minutu irauten du. Guzti honek taldeak eszenatokian erakusten duen energia islatzen du eta bere zuzenekoak saio dantzagarrian bilakatzen dira.

Taldekideak honako hauek dira: Xabier Sagardia (gitarra, ahotsa, koruak); Igor Astigarraga (gitarra, ahotsa, koruak); Koldo Almandoz (baxua, ahotsa, koruak) eta Arkaitz Villar (bateria, koruak). Diskoaren azalean palmondo bati ondo lotuta dagoen pin-up bat agertzen da. Eta esan behar da irudi horrek bikain islatzen duela taldearen espiritu parrandero eta hondartza zalea.

Grabazioa beat, rhythm and blues eta garage-rock estiloak besarkatzen dituzten hiru kanturekin hasten da, baina laugarrenean Maitemintzen naiz kantua agertzen da ezustean, Paralisis Permamente talde madrildarraren kutsua du eta Ron Ashetonek kiskaltzen zuen wha-wha efektuarekin jantzitako solo batekin amaitzen da.
Hurrengoa oihanetik dator zuzenean: David Attenborough. M-ak taldearen ironia erakusten duen 60ko doinua da. Hurrengoa Zure Ateak post-punk doinu itzala da, eta Lur Azpian, Under my Thumb klasikoaren moldaketa da RIPen filtrotik igarota. Azkenik diskoa Paris kantu ederrarekin amaitzen da, agian grabazioko kantu bereziena, bertan Frantziako Chanson Laboarekin hibridatzen da eta noizbehinka surf gitarrak agertzen dira. Tsunami party zalea da Gora Gora Kids, kanposantuko zonbiak eta hondartzetako surflariak dantzan jarriko dituen banda amateurra da, amateurra zentzu onean diogu, non teknika baino grina gailentzen den. Zuzenan ikusi beharrekoak, garagardoz lepo.

Gora Gora Kids uaouh, miau & yeah! lehen diskoa aurkezten arituko dira datozen hilabeteetan. Guk trajeak soinean dituztela ikusi nahi ditugu oholtzan.

Gora Gora Kids-ek bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button