LITERATURA

Nafarroan euskarazko literaturak bizi duen egoeraz

Euskaltzaindiak Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025). Sortzaileen begirada izeneko jardunaldiak antolatu ditu egunotan, Nafarroan euskarazko literaturak bizi duen egoeraz jarduteko.

Diktadurak ekarritako giro itogarritik hona euskal literaturaren egoera zeharo aldatu dela argi dago. Gaur egun aise zenbatzen ahal dira ehun euskarazko literatur sortzaile baino gehiago Nafarroan. Alabaina, aldatu al da euskal idazlearen estatusa Nafarroan? Gaur egun, zertan dira Nafarroako euskal idazleak? Zer bilakaera eduki du euskal literaturak Nafarroan azken 50 urteetan? Nafarroako gizarteak –dakigunez, gehienbat erdalduna–, ezagutzen al du aski errealitate hori? Euskarazko literatura lantzen egin den ahaleginak eduki al du behar adina oihartzun gizartean? Galdera horiei erantzun nahian antolatu dira Iruñeko jardunaldiok.

Bihar (hilak 8) izango da lehen saioa, Koldo Izagirreren hitzaldiarekin: Lurralde berri bat. Hitzordua Pinaquy aretoan izango da 18:30ean hasita. Izagirrek “joan diren 50 urteetan euskaraz argitaratu diren nobelen gaineko azterketa zabal bat eginen du, eta izan dituzten kritikak aztertuko ditu”.
Ostiralean, maiatzak 9, mahai-ingurua izango da toki berean eta ordu berean. Irati Jimenez idazleak gidatuko du, eta hiru belaunaldi desberdinetako idazleek parte-hartuko dute; Angel Errok, Aingeru Epaltzak eta Oihane Zuberoa Garmendiak.

Larunbatean errezitaldia antolatu da Kondestable Jauregian, 12.00etan: Lur bat zedarritzeko hitzak. Bertan, Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok beraien poemak irakurriko dituzte. Errenazimentuko eta barrokoko musika egiten duen Danserie Ensemble taldeak girotuko du ekitaldia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button