ARTEA

Ainara Erentxunek Urumea ibaiari buruzko erakusketa inauguratu du Donostian

Urumea, ibaia, bere ingurua eta urtaroak izenburuko pintura-erakusketa dago ikusgai Donostiako Arteko galerian, maiatzaren 20ra arte, zeina Ainara Erentxunen (Caracas, 1955) margolan errealistekin osatu den. Arteko galeriak abiatutako Donostiako ikuspegiak programaren baitan egin da erakusketa.

2000 urteaz geroztik, Erentxun Urumea ibaiaren inguruan ardazten diren koadroak egiten ari da, izan ere, erakusketa ibai horri buruz egiten ari den proiektuaren zati bat da.

Arteko galeriaren arabera, “koadroak lan astitsuz egiten dira, mantso-mantso, urtaroen, eguneko orduen araberako argi ezberdinen, itsas mareen eta eguraldi aldaketen baitan jokatuz ezinbestez”. Lan horren emaitza, margolan errealistak dira.

Erentxunek, hain justu, errealismoaren pintore handiek zuzendutako tailerretan parte hartu du, Juan José Aquerreta, Antonio López García, J.M. Mezquita eta María Moreno, besteak beste; halere, pintore autodidakta da. Arkitektoa lanbidez, bere aita Eloy Erentxun Onzalo margolariaren eskutik eman zituen lehenengo urratsak pinturan.

Informazio gehiago: artekogaleria.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button