EMAKUMEA

Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala (Martxoak 8)

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, berdintasun-politika publikoetan feminismoari esker eta Nafarroako emakume eta gizon askoren ahaleginari esker lortu diren aurrerapen guztiak aitortu nahi ditu Nafarroako Gobernuak. Estatuan berdintasun maila handiena lortu duen autonomia-erkidegoa gara, eta desberdinkeria txikiena duen Europako eskualdeetariko bat, Europako Batzordearen arabera.

Bereziki eskertzen dugu berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan emakumeek egin duten ahalegina eta izan duten inplikazioa, bai gure foru komunitateko arauen esparruan bai gaiaren ezagutzan eta baita gaur egun ditugun baliabide espezialiatuetan ere. Gainera, nabarmentzekoa da haiek direla gogorarazten digutenak bide luzea dugula oraindik, lortu arte egungo neskatoak gizarte justuago batean bizi daitezen, askeagoak izan daitezen eta dagozkien giza eskubideak berdintasunez parteka ditzaten, biztanleriaren erdia baitira.

Hain zuen ere, aurtengo Berdinna sariak, Nafarroako Emakume Erakunde eta/edo Erakunde Feministen Koordinakundeari eman zaiolarik, horixe adierazten du: Nafarroako lurralde osoko emakumeen eta mugimendu feministaren ahaleginaren aitortza da, Nafarroako biztanleendako gizarte hobea eraikitzen laguntzeko aldaketak bultzatzeagatik.

Halaber, eskerrak ematen dizkiegu Nafarroako Gobernuan lan egiten duten langileei, departamentuetan eta enpresa publikoetan berdintasun politikak garatzen izan duten inplikazioagatik. Feminismoa eraldatzailea eta aberasgarria da, eta berdintasun-politikek fruituak ematen dituzte; horregatik, legealdi honetan gure ekintza politikoaren erdi-erdian kokatu ditugu, eta zutabeak gehitu eta finkatuko ditugu, administrazio publiko gisa gizarte berdinzaleago bat lortzeko behar ditugun egiturazko aldaketak egiten jarraitzeko.

Horregatik guztiagatik, M8 honetan, gure kanpainaren leloak, Zuregatik. Guztiengatik, azpimarratu nahi du feminismoaren borrokak eta berdintasunerako politika publikoen bidez egindako lanak emakume guzti-guztien bizitza eta aukerak hobetzen laguntzen duela.  Emakume guztiengatik jarraituko dugu lanean eta berdintasunezko politikak sustatzen.

Oraingoan ere, 2023ko M8 honetan, Nafarroako Gobernuak gonbita egiten die herritarrei egun horren inguruan antolatutako ekitaldietan parte har dezaten, eta emakumeen eskubideen atzerakadak defendatzen dituzten mezuak zalantzan jar ditzaten.

Era berean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz hasi dugun gizarte-eraldaketari eusteko eta aurrera egiteko jarrerak eta konpromisoak mantendu daitezela eskatzen dugu, eta halaxe egiteko konpromisoa hartzen dugu, bai eguneroko bizitzan bai gure erantzukizunen eremuetan, gizonen eta emakumeen berdintasuna baita gizarte justuagoa eta demokratikoagoa lortzeko bermea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button