IKUS-ENTZUN

Nafarroako Filmotekak ziklo txiki bat eskainiko dio Chantal Akerman zuzendariari

Hil honetako asteazkenenetan, Nafarroako Filmoteka Chantal Akerman zuzendariaren lanik aipagarrienak eskaintzen ari da.

“Beti aintzat hartzen ez diren emakume zuzendarien talentua erakusteko, hiru film luze eta beste hiru film labur bilduko ditugu bilduma honetan, errealizadore interesgarri honen filmografia hobeto ezagutzen eta hurbiltzen lagunduko digutenak. Bere filmak eguneroko bizitzari, emakumeen identitateari, jateko premiari, sexualitateari, isolamenduari, judaismoari eta XX. mendeko bazterketa-politikari buruzko behaketetan oinarritzen da”.

Joan den astean zuri-beltzean filmaturiko Saute ma ville (1968) pantailaratu zen, neska gazte bat protagonista duena (bera aktore gisa), eguneroko gauzekin harreman gatazkatsua duena.

Gaur berton izango da bigarren hitzordua Je tu il elle filmarekin. “Lazgarria, probokatzailea, ikonikoa. 24 urte besterik ez zituela eta ibilbide luzea zuela, bakardadearen eta maitasunaren txokorik ilunenetan murgildu egin zen Chantal Akerman. Zinemagile berezi eta lotsagabe baten bideari hasiera ematen dion debut goiztiarra da, eta amaiera horretan, gainera, zinema lesbikoaren historiako unerik gogoratuena gordetzen da. Izenak dena dio; lau pertsona, istorio bat.”

Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruselles (1975) izeneko lana datorren astean ikusi ahalko da, askorentzat zinemaren historiako feminismoaren lehen maisulana gisa goraipatua izan zena. “Semearekin bizi ahal izateko prostituitzera behartuta dagoen etxekoandre eraginkor baten errutinetako une intimistez ari da”.

Azken egunean, 26an, Los encuentros de Ana filma pantailaratuko dute. “Aurore Clément Chantal Akerman zuzendariaren alter egoa da Europan zehar egindako bidaien gorabeherak kontatzen dituen film hunkigarri batean. Emaitza egilearen lanik hunkigarrienetako, zirraragarrienetako eta zatitzaileenetako bat da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button