BERTSOTAN

Nafarroako Bertsolari Txapelketako aurre-kanporaketen fasea

Ostiral honetan Nafarroako Bertsolari Txapelketako aurre-kanporaketen fasea abiatuko da. Bi saio izango dira fase horretan, Larraunen eta Etxaurin. Saiootan 12 bertsolarik hartuko dute parte, eta horietatik zazpi sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara. Azken ekitaldian parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela, eta parte hartu ez dutenek, edota 2021koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, aurre-kanporaketa fasea jokatu beharko dute.

Hortaz, maiatzaren 26an Larraunen bilduko dira Beñat Astiz Isasi, Etxahun Azkarraga Fernandez, Fernando Ziganda Urdanpilleta, Mintxo Astiz Goñi, Peio Ardaiz Gale eta Urko Gartzia Aleman bertsolariak, eta ekainaren 2an, Etxaurin, Ainara Ieregi Aranburu, Aitor Irastortza Arrizurieta, Bittori Elizalde Soto, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien, Eki Mateorena Zozaia eta Saats Karasatorre Martinez.

17 bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta 12 aurre-kanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik zazpik lortuko dute sailkapen txartela, eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian.

Urriaren 7an abiatuko da  Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta abenduaren 2ra bitarte luzatuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.