
Literatura Hiztegi Tekniko Laburra (Elkar) kaleratu du Karlos Linazasorok. Aste honetan presentatu da bere idazlan jantzi eta akademikoa, “literatura genero nagusien berri xehea ematen duena”.
Lanean hainbat kontu literario argitzen saiatzen da egilea, ordena alfabetikoan, “Adagiotik Zientzi Fikzio”-ra, baina ez da horretan gelditzen, izan ere, berezitasun guztiz partikular batekin osatu du Linazasorok bere lana: “definizio bakoitzaren ondoren, egileak berak sortutako adibideak datoz beti, apaingarri baino gehiago, obraren benetako mamia eskainiz”.
Egileak, beste aldetik, dio Literatura terminoen hiztegia agertu zela bera berriki aurkeztutakoa idazten ari zelarik, eta konpententziarik ez zuela egin nahi, horrexegatik atera du “laburragoa” den hau, erabilitako bibliografia osoa ere badakarrena. Hortaz, biak osagarriak direla esan daitekeela nabarmentzen du Karlos Linazasorok.
Hortaz, idazle tolosarraren gustuko gaiak eta obsesioak aurkituko ditu irakurleak bertan, umore fin batzuetan ironiko besteetan absurdoa, argumentuetarako asmamen izugarria, amodiorako isuri diskretua, munduan arrotz sentitzearen kontzientzia, errealitatea azpikoz gora jartzeko joera eta sormena salbazio-oholtzat aldarrikatzea, guztiok itoko gaituen naufragioaren zain.