
Berako Euskara Batzordeak antolatu du larunbatean, urriaren 29an, bertako kultur etxean (20:00) egingo den Ez da kasualitatea bertso saio musikatua.
Izenburuaren zergatia ondo ulertzen da protagonistek adierazitako ondoko lerroetan: “Hortik izenburua, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten. Denok emakumeak izate horretan nahitaez dago intentzio bat. Gure helburua noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere irtetea litzateke, baina bitartean intentzio osoz antolatzen dugu Ez da kasualitatea: umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa”.
Ez da kasualitatea saioko lau bertsolariak (Amaia Agirre, Alaia Martin, Jone Uria eta Oihana Iguaran) eta gai-jartzailea (Ainhoa Aranburu) emakumezkoak izaten dira, eta horiekin batera bi musikari aritzen dira, Ixak Arruti (gitarra) eta Gari Otamendi (biolina).



