MUSIKA

Hesian, sinpletasunaren bidetik heldutasunera

Sakanako Hesian zortzikoteak Hitzetik (Oihuka/Elkar) bere laugarren lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Fran gitarra jotzaile eta abeslariak adierazi duenez, lan berri honetan, taldearen hastapenetako sinpletasunera itzuli dira taldearen heldutasuna lortzeko, beti ere hitzen garrantzia baztertu barik.

“Esperientziak erakutsi digu sinpletasunari garrantzia ematen, lan egiteko moduagatik eta emaitzagatik sinpletasunarekin gelditzen gara, izan ere, kantu batekin bueltaka zaudenean nahikoa dela esaten jakin behar da, sinpletasuna askotan errazena izan ez arren”, azaldu du Franek.

“Sinpletasunean, gainera, edertasuna badago”, gaineratu du Zuriñe abeslari berriak, urtebete baino ez darama taldean. “Horrela disko osatuagoa, helduagoa lortu dugu, betiko kinkiak izaten jarraitu arren”, nabarmendu du Eneko tronpeta joleak umoretsu.

Hala, laugarren lan honetan melodien gainean eraikitako punk rocka da ardatz nagusia, hardcore zipriztinak ere antzematen diren arren. Hori guztia haize atalarekin konpondua. “Oraingoan haizeen presentzia gutxitu da, baina toki zehatza izaten jarraitzen dute, halere, ezinbesteko piezak dira”. Tronboiak, saxoak eta tronpetak eragiten duten soinuaren harira, Franek argi utzi nahi izan du ez direla ska talde bat. “Haizeak erabiltzeagatik ez gara zergatik ska izan behar”.

Hitzei dagokienez, ohiko garrantzia dute. “Guretzat komunikatzeko tresna dira, entzulearengana iristeko bitartekoa”. Izan ere, taldearen ezaugarri nagusienetakoa da hitzen kutsu aldarrikatzailea. Dena dela, lan honetan gehiago dira kutsu pertsonalekoak. “Letra sakonagoak dira, nahiz eta borrokalariak ere hor jarraitzen duten, horietan, gainera, mezu positiboak nagusitu dira”, azaldu du Franek.

Diskoa Haritz Harreguyk garabatu du Usurbilgo Higain estudioan, eta Jonan Ordorikak masterizatu du. Ekoizpenaz taldea bera arduratu da. Diskoaren hamaika kantuak aurkezteko bost data lotu dituzte oraingoz: abenduaren 1ean, Bilboko Kafe Antzokian; 6an, Ahotsenea (Durangoko Azoka); 16an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; 17an, Elizondoko Lur aretoan, eta 22an, Altsasuko gaztetxean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button