MUSIKA

Estitxu euskal kantariaren figura gaurkotzeko, “Estitxu Gogoan” kontzertua

Gau aurkeztu du Robles-Arangiz familiak martxoaren 17an, 20:00etan, BBK aretoan izango den Estitxu Gogoan izeneko kontzertua. Haren heriotzaren 25. urteurrenean, bere figura gomutan hartzeko, familiako dozena bat partaidek eta Niko Etxartek, Gontzal Mendibilek eta Jose Mari Iriondok ondu dute ikuskizun berezi eta hunkigarria: Estitxu Gogoan kontzertua

Estitxuren heriotzatik 25 urte iragan direla-eta, musika, dantza eta umorea uztartuko dituen ikuskizuna Loraldia jaialdiaren barruan  programatu da, eta aipaturiko artistez gain, Robles-Arangiz familiaren 3 belaunaldik ere parte hartuko dute.

Estitxu (Estíbaliz Robles Arangiz) Lourdes Iriondo eta Maite Idirinekin batera, 1960ko hamarkadaren amaieran euskal musikagintzaren protagonista nagusienetako bat izan zen.  Bere familia handia zen (hamaika neba-arreba) eta txikiena  bera izan zen.  Beskoitzen jaio zen, gurasoek Bizkaitik alde egin behar izan zutenean, Gerra zibilean.

Familiar askok bezala, berak ere txikitan ikasi zituen gure tradiziozko kantuak, eta hogei urterekin zenbait musika-lehiaketa irabazi zituen, bai eta Euskadin, Mexikon eta Caracasen errezitaldiak eskaini ere. Bere ahots ikaragarriari esker oso aipamen garrantzitsuak eskuratu zituen, baita Atlantikoz harago ere, eta anekdota moduan esan behar da bere abestiak Venezuelako kanta arrakastatsuen zerrendetan lehenak izan zirela. Ameriketako Estatu Batuetan ere kontzertu batzuk eman zituen.

Gontzal Mendibilek ezagutu zuen modu pertsonalean eta berak esan duenez, “ahots ikaragarria zuen, ederra oso”, eta agian horrexegatik, Beskoitzeko urretxindorra eta Euskal Herriko Joan Baez ezizenak jarri zizkioten  garai hartako musikazaleek.
Ahots zoragarriaz gain, alaia zen oso, eta Euskal Herria maite zuen biziki. Agian horregatik, entzuleak hunkituta uzten zituen beti.

Datarekin bat eginez, familiak bi disko ere plazaratu ditu. Bat,  Robles Arangiztarrak izenburupean kaleratu dute, eta berton euskal kantagintzaren bilduma bat proposatzen du familiak. Bigarrena, Estitxuren azkenaurreko lanaren edizio berria da, Gurasoei izenarekin kaleratu zena.

Gogoratu, Estitxu Gogoan ikusgarria martxoaren 17an, Bilboko BBK aretoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button