
Donostiako San Telmo Museoan Susana de Sousa Dias zuzendariak filmaturiko 48 dokumentala ikusi ahalko da bihar, 19:00etan. Biktima batzuen testigantzen bitartez, Antonio Oliveira de Salazarren 48 urtetako diktadura biltzen du filmak. Ekoizpen portugaldarra da eta 2009an sortua. Filmak Punto de Vista 2011 jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Iruñean.
Filmak irauten duen 93 minutuetan diktadore portugaldarrak XX. mendean errepresaliaturiko hainbat biktimen testigantzak entzun eta ikus daitezke, besteak beste, emakume eta gizonenak, gazteenak eta ez hain gazteenak, eta nekazarienak eta burgesenak. Testigantza horien bidez Europan XX. mendean gehien iraun duen diktadurak gauzaturiko teknika errepresiboak azaltzen dira xehetasun guztiekin. Filmak hainbat sari jaso ditu.
Susana de Sousa Dias (Portugal, 1962) zine zuzendaria da eta Arte Ederretako irakaslea Lisboako Unibertsitatean. 2001. urtean Kintoo izeneko ekoiztetxea eratu zuen. Egun Luz Obscura izeneko dokumentala egiten ari da. Orain arte beste bi film ere egin ditu: Processo (2000) eta Natureza Morta (2005). Azken hori saritua izan da zenbait jaialditan.
Informazio gehiago hemen.