
Martxoaren 14ean eta 15ean, 50eko eta 60ko musika beltzaren inguruko Mojo Workin’ jaialdiaren edizio berria izango da Donostiako Gazteszenan. 60ko urteetako lau artista izango dira oholtzan: Baby Washington, Melvin Davies, Kim Weston eta Billy Boy Arnold.
Horiekin batera, soul, rhythm and blues, rocksteady, boogaloo, exotica eta bestelakoak jorratzen dituzten disko jartzailek ere izango dira.
Baby Washington New york hiriko soul abeslari klasikoa da; Melvin Davies Detroit hiritik dator, eta iaz ere jaialdian izan zen, izan ere, aurretik iragarritako Gino Washington-en eta Sugar Pie Desanto-ren ordez dator; Kim Weston ere Detroiteko emakumezko soul abeslari bikaina da; eta, azkenik, Chicago blues elektrikoaren hirian garatu du bere ibilbidea Billy Boy Arnoldek.
Lau horiek propio eratutako The Mojo Workers taldearen laguntza izango dute, bai eta MW haize-atalarena eta Phunkettes koristena ere.
Horiekin batera, kultura musikal horrekin zuzen-zuzen lotuta dauden makina bat disko jartzaile ere izango dira Donostian: Mr. Fine Wine ingelesa eta jaialdiaren antolatzaile Dr. Punko, besteak beste.