LITERATURA

Mungiako Lauaxeta Olerki Lehiaketaren aurtengo edizioa martxan da

Mungian antolatzen duten Lauaxeta Olerki Lehiaketaren aurtengo edizioak Gabeko irrintzija izenburua hartuko du abiapuntutzat, eta parte-hartzaileek izenburu horren interpretazio librea egin beharko dute. Lanak aurkezteko epea azaroaren 11an amaituko da.

Euskara hutsez sortutako testuak aurkeztu beharko dira, bakoitzak nahi duen neurria, errima eta ahapaldi kopurua erabilita. Konposizioek gutxienez 100 bertso-lerroko testua beharko dute izan eta gehienez 200ekoa.

Lanek jatorrizkoak izan beharko dute eta aurretik beste lehiaketa edo sariketa batean saririk jaso gabekoak. Bestalde, ez dira originaltzat hartuko beste hizkuntza batetik itzulitako lanak. Lanak paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko dira, lerroen artean tarte bikoitza utzita eta gutun itxi batean sartuta, egilearen daturik gabe.
Gutunaren barruan beste gutunazal bat sartu beharko da lema eta ezizena idatzita kanpoaldean, eta barruan ondoko datuak: izen-abizenak eta helbide osoa, helbide elektronikoa, telefonoa eta egilearen aitorpena (idazlana originala, argitaratu bakoa, itzuli bakoa eta beste lehiaketa batean saririk jaso bakoa dela aitortuta).

Lehiaketaren irabazleak 800 euroko saria jasoko du, eta bigarren postuan lotuko denak 500 euro hartuko ditu.

Mungiako Udalak lanak aurkezteko bide desberdinak ahalbidetuko ditu: Udalaren Egoitza Elektronikoa, posta arrunta (Mungiako Udala, Euskera Saila. Trobika 1, 48100, Mungia) eta Mungiako Udaleko HAZ bulegoa, beti bere, aurretiazko hitzordua eskatuta 94 674 12 16 telefonora deituta.

Jakingarri guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button