ESZENA

“Lautan Hiru” jaialdiaren hirugarren saioa

Gaur, 16, euskarazko antzerkia hauspotzea eta antzerkilariei plaza berriak eskaintzea helburu duen Lautan Hiru jaialdiaren barruan, hitzordu zinez interesgarriak dituzue.

Bi hitzordu gaurko saioan: 19:00etan (Euskaltzaindian): Solasaldi eszenaratua Jokin Oregi, Aizpea Goenaga, Eneritz Artetxe eta Matxalen de Pedroren eskutik. Eta 20:00etan (Cafe Bar Bilbaon): XX. Cafe Bar Bilbao saria eskuratu duen Lutxo Egiaren Hamalau piezaren Irakurketa dramatizatua, Mikel Martinezen eskutik.

Antolatzaileak adierazi dutenez, “aurten, gogoberrituta eta nobedadez jantzita dator bosgarren aldia beteko duen Lautan Hiru antzerki-jaialdia. Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira: Lautan Hiruk ekoitzitako saio esperimental bat eta bakarrizketa bat, Ganbila bildumaren aurkezpena… Helburuak, baina, ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta”.

Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua Cafe Bar Bilbaorekin eta BIRA Kulturgunearekin batera. Eszenatokiei dagokionez, ohikoei AEKren Kalderapeko kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.

Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button