
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako MusEkintza jaialdiak beste hitzordu bat proposatuko du maiatzaren 10ean, Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Bertan, Mikel Urdangarinek kontzertu akustikoa eskainiko du.
Jaialdiaren programazioa 2024ko azaroaren 16an hasi zen Bilboko Arkeologia Museoan, Mikel Santiago idazleak diseinatutako misteriozko joko batekin. Gero, Lapiel Antzerkiak taldearen Urargi obra interaktiboa otsailaren 8an egin zen Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Martxoaren 15ean, A Film to Kill For aurkeztu zuten El Pobaleko Burdinolan, Muskizen. Martxoaren 22an, Osa+Mujika aritu ziren La Encartada Fabrika-Museoan. Apirilaren 12an, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Eñaut Gorbeiak lantegi didaktiko bat eskaini zuen, eta orain, ahots eta gitarrako errezitaldi intimo bat eskainiko du Mikel Urdangarinek.
Horren ostean, maiatzaren 31n, Ganso & Cía-ren Welcome & Sorry ikuskizunarekin gozatu ahalko da, Muñatones Gazteluan, Muskizen. Ekainaren 14an, Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkean Zirkozaurre taldea arituko da, eta jaialdia ekainaren 28an amaituko da, Santimamiñen (Kortezubi), Golden Apple Quarteten kontzertuarekin.
Informazio gehiago jaialdiaren webgunean duzue.