ARTEA

Mikel Laboaren konstelazioak eta izarrak

Mikel Laboaren heriotzearen 15. urteurrenean, Mikel Laboa izan liteke konstelazio, izan gabe izar… izeneko erakusketa ibiltariak abeslaria hartu nahi du gogoan. Bilboko Bizkaia Aretoan izango da ikusgai otsailaren 29ra arte.

Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe egileek sorturiko Ni ez naiz Mikel Laboa komikia da erakusketaren oinarria. Euskal kantaririk miretsiena eta maitatuena, sasoi baten, geografia baten eta jendarte baten ispilu da Mikel Laboa. Ohiko biografia moldeetatik ihesi, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea hartu dituzte egileek eleberri grafiko honetan bidelagun, “errealitatearen errekako korronte geza irudimenaren itsasoko urekin nahasten den puntuan murgiltzeko gonbidapena eginez.”

Unai Iturriaga (Durango, 1974) Arte Ederretan lizentziatua, eta gainera, bertsolaria, gidoilaria, idazlea, marrazkilaria eta musikaria. Sortzaile amorratua, beraz.
Joseba Larratxe (Irun, 1985) arkitekto, komikigile eta ilustratzailea da. Berria egunkarirako, Nabarra zein Aldiri aldizkarietarako kolaborazioak egin ditu, baita erakusketak eta tailerrak ere. Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) hemengo idazlerik porrokatunetako bat. Narrazioak, eleberriak, poesia, antzerkia, kronikak eta gazte literatura idatzi ditu. Ez dio literaturako ezeri muzin egiten, eta horrexegatik makina bat sari eta aipamen preziatu jaso ditu (eta jasoko).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button