
SC Gallery espazioaren eskutik, eta aste honetan burutzen ari den BLV-Art jaialdiaren barruan, Michael Grudziecki artista poloniarrak mural bat egingo du, gaur berton, irailak 27, Bilbao Arteko atzeko patioan, Sea Forts izenburupean. Titulu horrekin ere abiatuko da erakustea SC Galleryn, urriaren 3an.
Michael Grudziecki Poloniako artista da, Munich hirian bizi da eta berarentzat lan esparrua arkitektura da. SC Gallery espazioan eskegiko dituen margolanetan irudi surrealista batzuk agertzen dira, egitura eta estruktura konplexuak, edukiontziak, funtzionalitate absurduarekin.
Artistak lan artatsuak egiten ditu, eta horretarako neurketak, konposizioak eta argiztapenak ezartzen ditu. Esan daiteke eszenografo amorratu bat dela.
Bere lanetan agertzen diren eten gabeko elementuak edukiontziak dira; gorriak eta berdeak, bakartiak. Eta horiekin batera oso arin atzematen den bakardadea. Beti egoten dira ozeanoetan galdurik, gizateriatik urrun, itsasertzetik aparte.
Bizitokiaren metafora osatzen dute elementu hauek. Bizitoki eramangarria da, ezinbestekoa luzaroan bizitzeko. Ziega ere bada, neurribakotasunaren erdian. Bere itsaso-gotorleku hauek bakartasunaren inperioaren azkenak dira, aterpe bakarra itsasotik babesteko.