ARTEA

MEM Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdia 15. edizioa abian da

Atzo hasi zen Bilbon urtero egin ohi den MEM Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdiaren edizioa berri bat, Sarean gunean paratutako erakusketa batekin: “MEM festibalaren historiari atzera begirakoa, dokumentu eta argazkien bitartez”. Antolatzaileek askotariko egitarau oparoa ondu dute aurten ere, zeina azaroaren 26ra arte luzatuko den. Aurten, 15 urte bete ditu festibalak.

Hala, gaur bertan, Francesc Martí artistak The sounds of the world izenburuko ikus-entzunezko lana aurkeztuko du Sarean gunean, 18:00etatik aurrera: “Hamahiru kanaletako ikus-entzunezko instalazioa dugu Munduko soinuak. Raspberry pi konputagailuen sare batean oinarritzen da, eta Andrei Tarkovsky-ren filmetako klip multzo bat abiapuntu harturik sortua izan da”.

Horretaz gainera, Espacio Marzana galerian, 19:30ean, Power to the People izenburuko erakusketa inauguratuko da. Lelo hori aurtengo MEM jaialdiari atxikita dator; hots, aurtengo jaialdiaren irudiari buruzkoa da. “Zuk zeuk egin nozioari balioa eman, eta eraikuntza, esperimentazioa eta elkarrizketa bultzatzeko, alegia, kontzeptu hauek defenditzen baititu MEM Festibalak. Mawatres arduratu da MEM 2017 kamisetaren diseinuaz”.

20:00etan, Mari Terauchi sortzaileak Parallel world lana aurkeztuko du Mongolia arropa-dendan. “Mundu paraleloak saileko lana dugu. Funtsezko kontzeptua hau da: ezagutzen ez diren pertsonak besteak begiratuz eta begiratuak izanez konektatuko direla elkarrekin”.

Horrekin batera, bihar MEM Exhibition Hall (Harrobi Plaza 4) lokalean, instalazioak, erakusketak eta kontzertuak izango dira, 20:00etatik aurrera. Sandra Quintanilla La estructura del vacío instalazioa aurkeztuko du, Oihane Iragüen Zabalak Memorias externas eta Ken Byers britainiarrak Anti-cartesian. Erakusketen harira, bost artisten lanak ikusi ahalko dira: Anna Tea (Ukrainia), Klaus Pinter (Austria), Mara Catalán (AEB), Blick (Frantzia) eta Vytaute Trijonyte (Lituania). Azkenik, bi kontzertu ere izango dira: Cantenac Dagar (Frantzia)  eta Eman Kore (Itziar Markiegi eta Garazi Goroztiaga).

Azaroaren amaiera bitarteko egitarau guztia: musicaexmachina.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button