
Muturreko soinu oldarkorrak maite dituzten zaleek ezinbesteko hitzordua dute gaur Azkoitiko Matadeixen, Melt Banana talde japoniarrak joko baitu, 21:30etik aurrera. Japoniarrekin batera, Üther banda gipuzkoarrak joko du.
Melt Banana 1992an eratu zen Tokion. Harrezkeroztik, iraupen luzeko hamar lanetik gora eta iraupen laburreko makina bat disko argitaratu ditu, betiere, muturreko estiloen inguruan ardaztuak: grindcore, noise, elektronika esperimentala… Kantuak izugarrizko abiadura erakusten dute eta labur-laburrak dira. Gitarra erritmo bitxiekin jositako doinuak dira, eta Yasuko abeslariaren oihuekin jantziak. Burrunba horren baitan, baina, melodiak sortzeko gaitasuna ere badu bikote japoniarrak.Hori guztia dela-eta, kultuzko banda bihurtu da, eta taldearen zaleen artean izar ugari daude: Steve Albini, Mike Patton, Kurt Cobain, Lou Reed edo John Zorn jazz musikaria.
Üther, berriz, Azpitiko taldea da eta hardcore basatia jotzen dute, abiadura handikoa: Fastcore-powerviolence. Laster, estreinako lana plazaratuko du.



