MUSIKA

McEnroe, Wilhelm & The Dancing Animals eta Tachenko, Bizbak-en

Ostiralean, otsailak 22, Bizbak Indie Festival jaialdiaren bigarren edizioa hasiko da Bilboko UPV/EHUren Bizkaia Aretoan. Egun horretan, Euskal Herriko bi ordezkari izango dira oholtzan: McEnroe bizkaitarrak eta Wilhelm & The Dancing Animals nafarrak. Lehenengoek emanaldia akustiko egingo dute.
Zaragoza hiriko Tachenko taldearekin osatuko da ostiraleko kartela. El Niño Gusano indie talde ezagunean arituriko Sergio Vinadé eta Andrés Perruca musikariek eratu zuten banda hau 2002. urtean. Kontzertua 20:30ean hasiko da.

Iaz egin zen estreinakoz Bizbak Indie Festival jaialdia, eta aurtengoak iazkoaren egitura bera izango du, alegia, hiru egun eta jardunaldi bakoitzean Euskal Herriko eta Espainiako hiru taldek joko dute. Emanaldi guztiak doakoak dira.

Bigarren zita martxoaren 1ean izango da. Jardunaldi hau interesgarria izango da oso, kontzertu honetarako propio eraturiko talde baten emanaldiaz gozatzeko parada egongo baita: Los Separatistas. Talde horretan Dan Wilson (The Cubical), Rober!, Iñigo Cabezafuego eta Joseba Irazoki (Atom Rhumba), Felix Buff (Willis Drummond), Mikel Abrego (Anari) arituko dira. Separatistekin batera Pony Bravo andaluziarrak eta Saioa euskal musikaria izango dira. Azken horrek Moonpalace zigilu finarekin grabatu du eta egun lan berria prestatzen ari da.

Azkenik, hirugarren egunean, martxoak 8, emakumeak izango dira protagonistak: Anni B Sweet kantautore andaluziarra formatu akustikoan; Mursego eta Aries. Mursego, Maite Arroitajauregi txelo jotzailearen bakarkako egitasmo ezaguna da; Aries, berriz, Getxoko pop psikodelikoa jorratzen duen ibilbide luzeko musikaria da; Charades taldean arituriko Isabel Fernandez musikariaren egitasmoa da, hain zuzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button