ESZENA

“Mauriziak ez du inor hil” emankizuna Loraldia Festibalean

Bihar, martxoaren 23an, Loraldia Festibalaren 9. edizioaren barruan, Ines Osinagak eta Lorea Argaratek Mauriziak ez du inor hil ikusgarria oholtzaratuko dute, Bilboko Azkuna Zentroan.

Proiektuaren oinarria Maurizia Aldeiturriagaren koplak dira, baina abiapuntu horretatik “euskal folklore digitalean eta formatu berrietan oinarritutako emanaldi bakarra bilakatzen da”. Horren ondorioz, emanaldi bakoitzak ezaugarri berezi eta bakarrak ditu eta ekintza performatiboa bilakatzen da.

Sorkuntza horretan, egileekin batera beste artista batzuk arituko dira, tartean, Eneritz Dueso, Garazi Egiguren, Itziar Garaluce eta Elena Garcia. Julene Gregorio moda diseinatzailea batuko zaie oraingoan kolektibora. Eulalia Abaituaren argazkiekin zianotipiaz zapiak diseinatu ditu, eta egun horretan estilismoarekin jolasteko proposamena luzatuko du. Eta oraindik ere beste berezitasun bat egongo da: Berta Bittersweet abeslari eta konpositorea batuko zaie eta euskal folklorea bestelako proposamen estetikoekin fusionatzera jolastuko dute berarekin batera kolektiboko kideek.

Ikuskaria “ahalduntze kolektiboko ariketa bat bilakatzen da. Kopla zaharrak ezagutzeko, orduko istorioak gugana ekartzeko, doinu tradizionalei gaur egungo eszenan espazio bat eskaintzeko eta plazandreei gorazarre egiteko teknologia zahar eta berriekin sortutako proiektua. Sortzaileen esanetan, XXI. mendeko erromeria bat biziko dugu martxoaren 23ko iluntzean Bilboko erdigunean.”

Egun horretan denetarik egongo da: musika organikoa eta elektronikoa, arte bisualak, argiak, dantza eta moda, argiak, bisualak, koplak, panderoak, beatak, samplerrak, autotunea, irrintziak eta abar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button