ARTEA

Amable Ariasen tinta japoniarrak ikusgai Donostia

Amable Arias Yebra (Leon, 1927 – Donostia, 1984) artistaren Tinta japoniarrak eta poetikoak izeneko erakusketa ikusi ahalko da gaurtik, irailak 5, urriaren 31a bitarte, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

Leonen jaio arren, 1942tik aurrera Donostian bizi izan zen Amable Arias. 1961ean Gipuzkoako Artisten Elkarteko presidente hautatu, eta 1966 eta 1970 artean, Rafael Ruiz Balerdi, Sistiaga eta Jose Luis Zumeta margolari eta Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Remigio Mendiburu eskultoreekin batera Gaur taldea osatu zuen. 1981ean La mano muerta poema-liburua argitaratu zuen.

Ekain Arte Lanak galerian ikus daitekeen seriea Amable Ariasek bere bizitzan eginiko azken lanetakoa da. Artistak hainbat esparru eta estilo artistiko jorratu zituen bere ibilbidean. Esate baterako, talde abangoardisten eta ekialdeko pinturaren eraginak jaso zituen, Donostian paraturiko artelanetan nabarmentzen denez.

Orotara tintaz eginiko 30 marrazki inguru ikus daitezke, guztiak 1983. urtean eginikoak, Amable Arias hil baino urtebete lehenagokoak, hain zuzen ere. Horietaz gain, olio-pintura bat eta pintoreak idatzi eta Miren Unzurrunzagaren ilustrazioekin jantzitako zenbait poesia ere jarri dituzte. Hala, erakusketan bi unibertso bereizten dira, batetik, marrazkiena, delikatua; eta bestetik, testuena, sozialagoa eta bortitzagoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button