IKUS-ENTZUN

Animakom Fest bidean da

Atzo abiatu zen Bilborocken Animakom Fest, Nazioarteko Animazio Komunitatearen Bilboko Jaialdiaren 7. edizioa. Datorren astelehenera arte, makina film pantailaratuko dira, eta bertako programa ia osorik euskaraz eta gaztelaniaz gozatu ahal izango da. Gainera, jaialdia Filmin plataforman online jarraitu ahal izango da.

Programak lau sailetan banatuko ditu film laburrak: nazioartekoa, ikasleena, euskal film laburrak eta bideoklip animatua, eta gainera, HBOko Pobre Diablo telesailari buruzko saio berezia eskainiko du ostiralean, hilak 15, 20:30ean. Bertan izango dira Joaquín Reyes komikoa eta Miguel Esteban.
Edizio honetako beste protagonista bat Hisko Hulsing zuzendari holandarra da, eta Sandman (Netflix) eta Undone (Prime Video) telesailetan egindako lanari buruzko master-class bat emango du. Veljko Popovic zuzendari kroaziarrak ere errealitate birtualean animazio-erakustaldi bat egingo du, IED Kunsthal-en.

Aurtengo edizioko Animakom saria (emakumeek animaziozko zineman egindako lana saritzeko) bi erakunderi emango zaie: MIA elkarteari (Emakumeak Animazioaren Industrian) eta Tricky Women/Tricky Realities jaialdi austriarrari, emakumeek egindako animaziozko zinemaren hedapen esklusiboan aitzindaria.

Larunbatean, hilak 16, 10:30etik aurrera, Joker Guneak (Euskalduna kalea, 6) haurrentzako jarduera bikoitza hartuko du, haurrentzako animazio tailer batekin eta Annecyko jaialdi ospetsuak aukeratutako haurrentzako film labur onenen programa batekin.

Animakom Fest Pedro Rivero zuzendari eta gidoilari bilbotarrak zuzendutako ekitaldia da, eta Develop eta Media Attack elkarteek antolatzen dute, besteak beste Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Laboral Kutxa, SGAE Fundazioa eta EPE/APV euskal ekoizleen elkartearen babesarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button