ARTEA

Eroritako zuhaitza berriro altxatzea

Javier Poveda artistak Iruñeko Ziudadelako labean Lau forma izeneko erakusketa paratu du ekainaren 30era bitartean. Erakusketaren izpiritua eroritako zuhaitza berriro altxatzea, bizitzaz, argiz eta handitasunez hornitzea da.

Lau forma erakusketan, Povedak soberan zeuden zerratutako haritz-enborrak erabiltzen ditu. Artistak berak azaldu duenez, “haien gogortasunagatik zerrak zauritu ezin izan zituen moztutako zuhaitzen erdiko eraztunak dira. Pilatuta, pieza horiek aldatu, eboluzionatu eta zahartu egin dira, eta jatorrizkoarekin zerikusi gutxi edo batere ez duen itxura hartu dute”. Iruñeko artista honek elementu horiek hartu ditu eta berriz ere bizia eman die.
Eta, horretarako, “funtsezkoa da jatorrizko posiziora itzultzea. Bertikalki jarrita dauden piezek Ziudadelako Labea bestelako espazio bihurtzen dute, non enbor horiei protagonismoa ematen dieten forma, kolore, itzal eta argien arteko joko bat sortzen baita.(…) Instalazio osoa zuraren, iluntasunaren, beltzaren, ikatzaren, kolorearen eta agerpenaren/ezkutatzearen nahasketa bat da, eta argien jokoari esker, bisitariari gurtza-leku bat edo etxola bat iradokitzen dio”.

Javier Poveda artistak (Iruñea, 1982) urteak daramatza zurak elementu artistiko gisa lantzen. 2017an Arte Eskolan egin zuen lehen erakusketak Haritza izena zuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button