
Aitzol Aramaio zinemagilearen omenez, urriaren 6tik 8ra, Marabilli Sormen Festibalaren seigarren edizioa egingo dute Ondarroan.
Betiko legez, denetarik izango da jaialdiaren programazioan, zinema saioak (20.000 especies de abejas), antzerkia, solasaldiak (Fermin Muguruza, Arantza Santesteban, Joseba Sarrionandia…), kontzertuak (Moonshine Wagon, Tapia eta Leturia, Viva Belgrado, Belako…).
Bihar abiatuko da ekimena, eta saio interesgarri bat izango da Beikozinan: Sekuentzia kuttunak. Fermin Muguruza eta Arantza Santesteban izango dira bertan. Geroago, 22:00etan, 10 minutu izeneko ikusgarria egingo da. Hor arituko dira Amets Arzallus (bertsolari eta idazlea), Maddalen Arzallus (kazetari, bertsolari eta musikaria), Asier Altuna (zinegilea), Iker Sanchez (orkestra zuzendaria), Irati Bilbao (Aranzadiko arkeologo ondarrutarra) eta Ainhoa Moiua (antzezlea eta zeinu interpretea). Gauean, Portuko Ranpan, Moonshine Wagon, Malandro eta DJ Elepunto taldeek musika zabalduko dute txoko guztietara.
Hurrengo eguneko goizean, literatura izango da protagonista, Kofradia zaharrean. Hor, Zergatik idatzi? galdeari erantzuteko Joseba Sarrionandia eta Miel Anjel Elustondo idazleak bilduko dira. Arratsaldean, Barnetegixan, II. Marabilli Film Labur Lehiaketako 10 lan onenen emanaldia eta sari-banaketa izango dira. Eta gauean, Beikozinan, kontzertua: Viva Belgrado eta Belako.
Eta hurrengo eguneko hitzordu ederra, Abante zina, Aitzol! saioa izango da, Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filmaren proiekzioarekin.