ARTEA

Fernando Beorlegui margolariaren erakusketa-omenaldia Zarautzen

Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuak, Zarautz eta Eibarko udalekin eta Lizarrako Gustavo de Maeztu museoarekin elkarlanean, hiru erakusketa berezi eta ezberdin antolatuko ditu aipatutako udalerrietan Fernando Beorlegui (Campanas 1928-2008) margolariaren lana omentzeko. Beorlegui euskal margolari handietako bat izan zen.

Zarautzen kasuan, Fernando Beorlegui: gogoaren pintzelkada garratzak erakusketa gaur inauguratuko da, 19:00etan, Sanz-Enea erakusketa-aretoan. Erakusketa honen helburua artista berezi honen errealismo kritiko eta sozialean murgildutako lana sakonago ezagutzea da. Sormen hauek Beorleguik bere buruarekin leial izaten jakin zuen garaikoak dira, hutsala edo azalekoa denari kontzesiorik egin gabe, ironia, sarkasmo eta umorez betetako obra batekin.

Beorlegui margolari azkarra eta kritikoa da, planteamendu plastiko txundigarriak ditu eta beti pizten du interesa jendearen artean. Bere espazio piktorikoak beti dira bereziak eta figurazioaren barruan aurkitzen dira. Beorlegui marrazkilari aparta da, material, pigmentu, teknika eta egituren jakitun handia. Bere pintura narratiboa da, gauza asko kontatzen ditu.
Fernando Beorleguik, Oteizak eskatuta, Debako Eskolaren sorreran parte hartu zuen eta pintura, grabatu eta eskultura irakaslea izan zen Eibarren, armagintza eskolan eta Azido Taldearen sustatzaile izan zen.

Beorleguiri buruzko hiru erakusketetatik lehena, Sanz-Enea erakusketa-aretoan egongo da, uztailaren 9tik irailaren 12ra. Jarraian, Eibarko Portalea aretokoa inauguratuko da, udalerri honen jabetzakoak diren beste obra batzuk gaineratuko zaizkiolarik, eta bukatzeko, Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoaren txanda izango da.

Uztailaren 14an, 19:30etan, Fernando Beorlegui: pintore kronikaria eta gizarte-kritikari zorrotza hitzaldia ere izango da Sanz Enean.

Zarautz Kulturak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button