Urriaren 11tik 13ra Japoniatik etorritako hainbat artista batuko ditu Amorebieta-Etxanon egingo den Mangamore jaialdiaren XVIII. edizioak.
Aurtengo jaialdiak lau agertoki nagusi izango ditu: Zelaieta Zentroa, Zelaieta parkea eta Herriko Plaza, eta horietan kontzertuak, hitzaldiak, lehiaketak, puzgarriak, tailerrak, stand desberdinak eta familia-jarduerak ikusi ahalko dira.
Edizio honen baitan “artista japoniarren emanaldiak nabarmentzen dira, hala nola Kanon Wakeshima abeslari eta txelo-jotzailearena edota DJ Yui, DJ eta japoniar enpresariarena. Lehena Dark Cabaret estilo berezian da aditua eta bigarrenak, aldiz, musika-ikuskizun bizia eskainiko du. Gainera, jaialdiko musika eskaintza biribiltzeko Kai Iden artista frantsesak K-pop kontzertua eskainiko du.”
Japoniar tradizioek eta ohiturek ere protagonismo berezi izango dute. Adibidez, Japoniako danbor tradizionalaren ikuskizuna antolatu dute Keita Kanazashiren eskutik. Mitsuru Nagata maisuak, Sumi-e pintura teknikaren erakustaldia eskainiko du, eta Laura Maraverrek kitsukearen artea.
Mangamore jaialdiak ere japoniar mahai-jokoak, txapa tailerrak, Fast Origami, Ureshirekin argazkiak, puzgarriak eta umore horia bilduko ditu aurten, eta Zelaieta Zentroan edizio honen baitan antolatutako hitzaldiak gauzatuko dira.
Eta musika, Zornotza Musika Bandak jarriko du kontzertu baten bidez.
Mangamore jaialdiaren webgunean topatuko duzue informazio guztia.