Getxon, Eszena Irekia jaialdiaren barruan, Anodino teatroak familia osorako Mamuak ezagutzera joan zen umea izeneko ikuskizuna estreinatuko du urriaren 6an. Konpainia getxotarrak txotxongiloak, zuzeneko musika eta antzerkia batzen dituen obra eskainiko du Muxikebarri aretoan, 18:00etatik aurrera.
“Ausartentzako familia ikuskizuna da hau. Maldari lagunduko diogu mundu errealaren eta imaginarioaren arteko bidaian. Umorearen, objektuen antzerkiaren eta zuzeneko musikaren bidez, gure protagonista bere beldurren eta horiei aurre egiteko moduaren artean ibiltzen da. Horrela ausartuko da Malda bere armairuko mamuak ezagutzera eta ausartuko da haiei beldurra emateari utz diezaioten eskatzera”.
Aitor Fernandino zuzendutako antzezlanean eta oholtza gainean Leire Orbe eta Maite Fonbellida aktoreak izango dira, eta zuzeneko musika Tomas Ruti biolin joleak egingo du.
Eta egun bat lehenago, urriak 5, Kulunka Teatrok Forever egingo du. Centro Dramatiko Nacionalarekin, Bilboko Arriaga Antzokiarekin eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiarekin ekoiztu da pieza. Lan berri horren berezitasuna André y Dorine eta Solitudes antzezlanetan taldeak agertu zuen berbera da: maskaren hizkuntza, eta horrekin batera, isiltasuna.
Ikuskizuna Iñaki Rikartek zuzendu du, eta Jose Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Carcamo ditu protagonista.
Lanaren korapiloa honako hau duzue: “Emakume batek eta gizon batek elkar maite dute. Hain sakon maite dute elkar, non maitasun hori seme batekin zehaztu nahi duten. Seme hori biziki eduki nahi dute. Behar fisiko bat da. Baina azkenean, edukitzen dutenean, seme hori ez da imajinatzen zutena. Horrela hasten da Forever, amestu zutenetik urruntzen ari den betiko familia baten istorioa. Betiereko maitasunaren ideiari buruzko ikuskizun ironiko bat da, non patuak ez duen erantzukizun osoa bere gain hartzen.”