
Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan (Topic) garatuko da tailer hau azaroaren 25etik 27ra. Lau orduko hiru saiotan antolatutako 12 orduko iraupena izango du Arketal talde frantsesak gidatuko duen mahai txotxongiloen tailerrak.
Tailer honetan, ikasleek mahai txotxongiloak egiten ikasiko dute, arreta berezia emanez panpinaren mugimenduak duen garrantziari; izan ere, egileek ezinbestean aintzat hartu beharreko ezaugarria da, panpina eszenan behar bezala mugituko bada. Gehienez ere hamar lagunek parte hartu ahal izango dute tailerrean, 50 euroko izen-ematea ordainduta.
Arketal talde frantses prestigiodunak gidatuko du ikastarotxoa. Arketal 1984an sortu zuten Greta Bruggeman eta Sylvie Osmanek; biek ere Charleville-Mézièresko Institut International de la Marionnetten egin zituzten ikasketak. Bere ibilbidean, heldu, haur eta orotariko ikusleentzako 24 sormen lan egin ditu. “Gure lan bakoitza bidaia bat da, bidaide ditugun lankideekiko elkarrizketa. Nortasuna, oroimena, erbestea, familia, gizatasuna bera dira gure ohiko gaiak”, adierazi diete Topic-ekoei.
Diogun bezala, mahai txotxongiloak egiteko tailerra, azaroaren 25 (18:00etatik 21:00etara) eta 26 eta 27an (9:30etik 14:00etara) garatuko da.