
Afrikako zinema berriaren titulu nabarmenen aukeraketa bat pantailaratuko du Nafarroako Filmotekak hil honetako ostiraletan. Cines africanos: conquistando pantallas izenburupean, Kenya, Maurizio, Nigeria eta Europako afrikar diasporara ibilbide zinematografiko bat luzatu nahi du Filmotekak.
Guztira lau film aurkeztuko dituzte “fikziozko generoan zentratuz eta opera primak azpimarratuz”. Eta horrela “Afrikako zinemak puri-purian daudela erakutsiko dugu, pantailen nonahikotasunak markatutako ikus-entzunezko ekoizpen garaikidean oinarritutako istorioak, mezuak eta hausnarketak eskainiz.”
Mon Père, le Diable film sarituarekin hasiko da gaur zikloa. Ellie Foumbi zuzendari gaztea bertan izango da ikusleekin ekoizpen independenteko drama psikologiko gordin honi buruz hitz egiteko. “Marie Cissé sukaldari-burua da Frantziako hiri txiki bateko zahar-etxe batean. Nahiko eroso dagoela dirudien arren Mariek sekretu lotsagarri bat ezkutatzen du: neskato soldadua izan zen. Bere bizitza arazorik gabe garatzen da egoiliarrak zaintzen, Nadia bere lankide eta lagun onenarekin ateratzen, eta maitasun berri bat laztantzen. Aita Patrick apaiz afrikarrak bere jaioterrian gertaera beldurgarri batengatik ezagutu izanak lasaitasun hori aztoratu egingo du. Egoiliarrek eta langileek maitatua izan ahala, Mariek erabaki behar du zein den bere iragan zurrunbilotsuren oroitzapen horri aurre egiteko modurik onena.”
Hurrengo ostiraletako proiekzioak, honako hauek dituzue: Contemplando las estrellas, azaroaren 10ean; All the colours of the world are between black and white, azaroaren 17an; eta Shimoni, azaroaren 24ean.
Afrika, Asia eta Ekialde Ertainean espezializatutako ikertzaile, komisario eta zinema eta arte kritikaria den Beatriz Leal Riescok zikloa aurkeztu eta zuzenduko du.
Film guztien gaineko xehetasunak: Nafarroako Filmoteka.