ARTEA

Antonio Lopezi buruzko antologia hartuko du Bilboko Arte Ederren Museoak

Oraindik Madrileko Thyssen-Bornemisza Museoan ikusgai dagoen Antonio Lopez artista espainiarrari buruzko antologia inauguratuko du urriaren 10ean Bilboko Arte Ederren Museoak. Erakusketa ikusgai izango da 2012ko urtarrilaren 12ra bitartean. Tartean, harrera ezin hobea izaten ari da Espainiako hiriburuan.

Orotara Lopez 130 lan izango dira erakusketan, hala nola, familia-erretratuak, lehenengo garaiko margo surrealistak, bere estudioko marrazkiak, eskultura handi eta txikiak eta Madrilgo ikuspegi panoramiko hiperrealista ezagunak.

Dagoeneko, eta erakusketa horren aurrerapen gisa, Carmen lo eta Carmen esna brontzezko eskultura monumentalak instalatu dira museoko hallean eta BBKren egoitza nagusiaren kanpoaldean, hurrenez hurren. “Denboraren joana iradokitzen zidaten”, esan du artistak bi eskultura horien harira.

Antonio Lopez (Tomelloso, 1936) Errealismo Madrildarra deitutako mugimenduari lotuta egon zen, eta Gerra Zibilaren osteko panorama espainiarreko artistarik pertsonalenetakoa da. 50eko hamarkadatik, marrazkiak, grabatuak, pintura eta eskultura landu izan ditu, eta aire intenporaleko eta birtuosismo tekniko handiko lana sortu du, izaki eta objektuen agerpen errealistan oinarrituta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button