LITERATURA

Berezia duelako zauria

Donostian bidean jarri dute Euskal literatura goza! literatur solasaldia. Programa horren barruan eta Edu Zabalaren gidaritzapean, hilean behin, euskarazko liburu baten inguruan arituko dira solasean.

Gaur berton, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan (Susa) izeneko lana izango dute berbagai. Amets Arzallus bertan izango da, 19:00etatik aurrera.
Arzallusek kaleratu duen lanak Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen dio ahotsa. Izan ere, duela urtebete Irungo harrera sarean ezagutu zuten elkar,  Amets Arzallus asiloa eskatzen dutenei  tramitazioa egiteko laguntzen zebilela. Elkarrizketa horretan sortutako harremanaren emaitza da beraz Arzallusen eleberria.

Anaia desagertuaren atzetik hartu zuen Ibrahima Baldek Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita. Hala, bidaia horren kronika da Miñan, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutakoa.

Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.

“Mediterraneoa zeharkatzen dutenek deshumanizatzea ezinbestekoa dute,  beraien  heriotzen, kanporatzeen edota  ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da, eta, beraz, unibertsala”, Arzallusen hitzetan. Izan ere liburu honen istorioak horixe kontatzen eta azpimarratzen du,  “berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera, hitz egitean han balego bezala”, argitzen du Arzallusek eleberriaren inguruko azalpenak ematerakoan.

Euskal literatura goza! literatur solasaldiaren hurrengo saioa, azaroaren 2an izango da, eta Karmele Jaioren Aitaren etxea lan arrakastatsua izango da protagonista.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button