ESZENA

“El Florido Pensil-Neskak” lana, Leioan

Gaur, martxoak 11 (20:30. Auditorium), Tanttaka Teatroa konpainiak El Florido Pensíl Niñas antzezlana eskainiko du Kultur Leioan. 1996an estreinatu zen El florido pensil-en gizonezkoen bertsioa, eta orain 20 urte geroago,  Tanttaka konpainiak El florido pensil-Neskak egingo du euskaraz. Loli Astorekak, Gurutze Beitiak, Teresa Calok, Elena Iruretak eta Itziar Lazkanok emango diote bizia Kike Díaz de Radak moldatu duen Andrés Sopeñaren testuari.

Kultur Leioaren arabera, lanak “begirada dibertigarria eta ironikoa eskainiko du, gerraondoko Espainian agindu zuen hezkuntza-sistemaren basakeria zentzugabearen inguruan”. Hala, Tanttaka konpainiak berriro irekiko du, “20 urte geroago, eskola nazional-katoliko hura, baina oraingo honetan, ateburuan, Niñas esaten zuen kartela grabatuta zeukan atetik sartzeko. Bertatik sartzen ziren neskak ikastetxera, ama jasankorraren eta emazte eztiaren ezinbesteko etorkizunerako prestatzeko”.
Neskek hezkuntza-eza jasaten zuten eta eskolak ahalegina egin zuen “etxeko andre produkzioa industrializatzeko, Labores edo Hogar bezalako ikasgaien bitartez”.
Obran emakumeen presentzia nabaria da, emakumeak izan baitziren ekintza moralizatzailearen helburu. Ezkontzea eta etxeko lanak egitea, familia osatzea eta seme-alabak edukitzea zen bide bakarra. Baina obra honetako eszena guztietan ikusiko da bi emakume mota baino ez zeudela: “zintzoak eta besteak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button