BESTELAKOAK

“Liburuaren arbola” erakusketa ibiltaria martxan da

Bilboko San Ignazio auzoan kokatzen den Euskararen Etxearen eskutik,  “Liburuaren arbola” erakusketa ibiltaria abiatu da hil honetan. Portugaleteko Gazte Gelan du bere lehen geltokia eta bertan aurkituko duzue urriaren 11 bitartean erakusketa bitxi hau.

Antolatzaileen esanetan,  erakusketa ibiltariaren helburuak, batetik, liburua berez zer den ezagutzea, ulertzea eta bere garrantzia azpimarratzea nahi du. Bestetik, liburuaren zati nagusiak identifikatzea bilatzen du: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia. Liburuaren sorkuntzan aritutako eragileak aztertzea ere bilatzen da. Era honetan, idazlearen figura ez ezik,  editorean, irakurlean eta inprimategian ere jartzen da begia. Finean, euskal literaturara eta liburugintzara gerturatzea da erakusketaren muina.

Gorka Arrese editore eta idazlea ibili da ekimena  atontzen, eta haren esanetan, “liburuaren izaera azaldu nahi du “Liburuaren arbola” erakusketa ibiltariak : hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa… Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia duten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz”.

Portugaletetik Ondarroara abiatuko da ekimena eta kostaldeko herri honetako Kofradi Zaharrean egongo da ikusgai urriaren 20tik azaroaren 10era. Getxoko Punta Begoñan izango du ondorengo geldialdia azaroaren 17tik abenduaren 9ra. Amorebieta-Etxanora, aldiz, abenduaren 19an helduko da eta Zelaieta aretoan egongo da ikusgai urtarrilaren 9ra arte.  Azken geralekua, Gernikako Euskal Herria Museoan izango du otsailaren 7tik martxoaren 5era, hain zuzen.

Udalerri bakoitzean, gainera, hitzaldi bana eskainiko du Arresek. Bertan bisitariari “Liburuaren Arbola” ekimenaren nondik norakoak azaltzen saiatuko da. “Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena”, bere esanetan.

“Liburuaren arbola” erakusketa ibiltaria bisitatzeko, hala ere, aurrez erreserba egin beharko da. Horretarako, Euskararen Etxea webgunean duzue informazioa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button