LITERATURA

Liburu eta Disko Azoka Donostian

Joan den astean hasi zen uztailaren 13ra arte luzatuko den Donostiako 39. Liburu eta Disko Azoka.

Gipuzkoa plazan kokatu da literatura eta musika lau haizetara zabaldu nahi duen azoka, non ohikoa denez, liburu aurkezpenak eta idazleekiko topaketak programatu diren.

Hor egingo diren hitzaldi asko oso interesgarriak izango dira, eta gainera euskaraz. Batzuk aipatzearren, bihar bertan, uztailak 1, 10:30ean eta Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan, Zilarrezko Euskadi Sarien banaketa egongo da.  Aurten, Xabier Etxaniz Rojok idatzitako  Sirena-hotsak lanarentzat izango da euskaraz, eta gaztelaniaz, Mircea Cartarescuren Las bellas extranjeras obrarentzat.

Etzi, uztailak 2, 19:30ean, Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan, Jon Arretxek hitzaldia egingo du, eta eskuartean Hutsaren itzalak lana izango du.
Uztailaren 3an, 11:30ean, Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan, Ibiltzaile onaren eskuliburua lanaren aurkezpena egingo dute Raimon Juventenyk eta  Jose Angel Irigarayk.

Uztailaren 7an, 19:30ean, eta betiko tokian, hitzaldi-solasaldia egongo da  Julen Madariagaren eskutik. Bere azken lana Egiari zor izan da.

Azkenik, uztailaren 11n, 19:30ean eta Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan, Pentsamendua eta Poesia zikloan, Felipe Juaristik bere poemak irakurriko ditu Aldeta musika taldearen laguntzarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button