
Libe eta Mice musikariek haien lan berriak aurkeztuko dituzte gaur, Bilboko Kafe Antzokiko goiko aretoan, 20:00etatik aurrera.
Libe musikariak Ilargia erori da izenburuko lana argitaratu du Bonberenea Ekintzak markapean. Diskoak teklatuek bultzatutako sei pop kantu ilun bildu ditu, baina ahots eta gitarren presentzia handiarekin apainduak. Diskoa Karlos Osinagak ekoitzi du Tolosako Bonberenea estudioan. Osinagak, gainera, baxua ere jo du sei katuetan. Libek bere ohiko bi kolaboratzaile ere izan ditu ondoan: Txus Villalabeitia, gitarra eta Dani Arrizabalaga, bateria.
Mice, berriz, Miren Narbaiza musikariaren bakarkako egitasmoa berria da . Iaz, estreinako lan homonimoa plazaratu zuen, bai eta kritika oso onak jaso ere . Joseba Baleztenak (Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir, Sumisión City Blues) ekoitzia, tentsio handiko pasarteekin eta une intimoekin jositako lan plurala eta pertsonala da.
Berria egunkariko Ihintza Orbegozo musika kritikariak hauxe idatzi zuen 2017ko disko gustukoenen harira: “Miren Narbaizaren bakarkako lehen lana ahots propioa ezagutzeko ibilbidearen hasiera da, haren esanetan. Ez dakit aurkitu duen, edo inoiz aurkituko duen, baina argi dago bidea ederra izango dela, horrelako lehen pauso batekin ezin baitu besterik izan”.
Diskoak zortzi doinu biltzen ditu, batzuetan itzaltsuak, beste batzuetan koloretsuak. Uhinak Komunikazioa agentziaren arabera, “(kantu) bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela, garai bateko lanek bezala, zintan jasoa”.