
Gaur goizean, Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputatuak eta Nora Pereira Basauriko Kultura zinegotziak bertaratu diren artistekin batera, Bosteko 2016 erakusketaren aurkezpena egin dute. Arte garaikidea Bizkaiko bost herrietara eramateko xedea duen ekimenaren hemeretzigarren edizioa da aurtengoa.
Bosteko erakusketa ibiltaria Basaurin hasiko da irailaren 7an, eta beste lau herrietan izango da ondoren, abenduaren 30era bitartean: Leioa, Arrigorriaga, Amorebieta-Etxano eta Getxon.
Sortzaile garaikideen obra zabaltzeko eta artearekiko interesa sortzeko helburua duen aurtengo edizioak Deserriratuen bidaia titulupean abiatuko da.
Exodoaren eta kokalekuaren, bilatu eta aurkitzearen kontzeptu horien bueltan zebiltzan hiru sortzaile elkartzeko ideiarekin ardaztu da erakusketa, horixe baita Europako mugetan pilatuta dauden milaka errefuxiatuen egoera. Hirurek espazioa eta bere kartografiak zeharkatzeko ideia landu dute euren bizitzetan eta euren lanetan. Artistok estilo eta teknika anitzak erabili dituzte gaiari buruzko ikuspegi anitzak islatzeko, eta paper gaineko collagea, bideoak eta argazkiak izan dira emaitza ikusgarriak.
David Hornback (Los Angeles, 1962) artistak argazkiak atera ditu bere estudiotik hainbat pausotan dituen lagunak islatzeko, eta sare sozialen faltsukeriaz hausnartzeko.
Laurita Silesek (Marbella, 1981) animaliengandik hartu du ideia. Karrantzako ardi klase berezi batekin lan egin du, artilearen balorea berreskuratzeko eta modus vivendi hura aldarrikatzeko. Leire Urbeltzek Aldi baterako nago hemen izenburuko erakusketatik ateratako hainbat lan jarriko ditu ikusgai. Errumaniako emakumezko langileei erreparatu zien batez ere artista nafarrak, eta elkarrizketatu ere egin zituen, eta gero ilustrazio kontzeptualean bere mugekin esperimentatzeko bideari ekin zion.