ESZENA

“Lautan Hiru” antzerki-jaialdiaren zortzigarren edizioa

Gaur, hilak 5, Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zortzigarren edizioa abiatuko da. Otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an zortzi  ikuskizun eskainiko dira BIRA, Café Bar Bilbao, 7Katu gaztetxe, AEKren Kalderapeko eta Euskaltzaindiaren egoitzan.

Aurten, Ipar Euskal Herriari begira jarri da Lautan Hiru, lelo hau baliatuz: Iparra galdu dugu! Hortaz, bi ikuskizun berezi emango dira Bilboko Zazpikaleetan: Pantzo Hirigarai baxenabartarraren Hautagaia eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson bakarrizketa. Halaber, eta iazko esperientziari eutsiz, apirilaren 17an antzerki-gaualdia izango da Baionako Biltxoko espazioan (19:00etan). Han, Hirigarairen Hautagaia eta Gehibat antzerki konpainiaren Zaku berekoak piezak ikusi ahalko dira.

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, eta 2025eko laguntza, Gehibat konpainiak eskuratu du, Zaku berekoak antzezlanagatik. Ohi den legez, azken hori jaialdian estreinatuko da gaur, otsailaren 5ean, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle Kluba antolatu zen estreinakoz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusleek antzerkilariekin hitz egiteko aukera izango dute. Bi ikuskizun hautatu dira horretarako, hain zuzen, otsailaren 12an BIRAn emango den Igogailu batean amaitu zen mundua (amaHiru konpainiarena), eta otsailaren 26an 7Katu gaztetxean emango den Adriene-Bergson-Johnson bakarrizketa (Itzuli konpainiarena).

Egitarauaren gaineko xehetasun guztiak: Lautan Hiru.

Show More

Related Articles

Back to top button