ARTEA

Leire Salaberria ilustratzailearen “Ateak” erakusketa

Gaur, azaroaren 2an, Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean Leire Salaberria ilustratzailearen Ateak erakusketa berria irekiko da eta azaroaren 21era arte ikusgai egongo da. Artistak 2015tik gaur arte egindako ilustrazio-lanen aukeraketa bat aurkeztuko du.

Bertan liburuentzako ilustrazioak, kartelentzako ilustrazioak eta proiektu pertsonalak biltzen ditu. Egileak berak honakoa idatzi du aurkezpen gisan: “Liburuak ateak dira. Ate bakoitzaren atzean istorio bat dago. Ume indiar baten istorioa, animalia imagingarri batena, edo zurea. Niri ateak irekitzea gustatzen zait, eta nire bizitzatik urrun dauden beste bizitza batzuk arakatzea. Katu biboteekin usaintzea, bizilagun kotillaren begiradarekin begiratzea eta ume baten ilusioaz sentitzea. Pantera bilakatu naiteke, amona izatera iritsi, edo hosto baten gainetik erortzear dagoen ur tanta bat izan. Liburu hauen ateak irekitzera gonbidatzen zaitut. Zure izatea txamarraren ondoan sarreran uztera. Eta istorio bakoitzean murgiltzera animatu, jaio berri baten moduan. Giltza lanpas azpian uztea nahi duzu?”

Leire Salaberria (1983) Arte Ederretan lizentziatua EHU-n, eta Ilustrazio eta Diseinu gradu-ondoak egin zituen Bartzelonako Eina Centre Universitari de Disseny i Art-en. 30 liburutik gora argitaratu ditu herrialde ezberdinetan: Txile, Espainia, Estatu Batuak, Italia, Mexiko eta Bretania Handian. Honetaz gain, bere lanek sari ezberdinak jaso dituzte, Sharjahko liburu azokan ohorezko aipamena, Colibri saria, Fundación Cuatro Gatos saria, eta Etxepare saria. Hiltzaileak (Etxepare saria), Euria ari duenean (Etxepare saria) eta abar.

Ekitaldi hau Katapulta Plataformak sustatuta dago Zelai Ariztiren kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button