
Nafarroako landa-eremuan sortutako bost sormen prozesu garaikide izango dira aurtengo Landarte arte jaialdiaren protagonistak. Ekimenak Nafarroako landa-eremuetako herrietan garatuko diren sorkuntza garaikideko bost ekintza bilduko ditu, Nafarroan bizi diren bost sortzaileren parte-hartzearekin.
Landarte 2026ko sortzaileen hautaketak, ohi bezala, diziplina anitzak biltzen ditu, eta hamargarren edizio honetan, Iratxe Perez Barandalla zinemagileak Leotzen egingo du lan; Jaime Remirez de Ganuza diseinatzaileak Mirafuentesen; Silvia Ayerra argazkilariak Miranda Argan garatuko du bere proposamena; Hasier Larretxea idazlea Elon lotuta arituko da; eta Irantzu del Valle arte eszenikoetako sortzaileak Uskartzen gauzatuko du bere sorkuntza-prozesua.
Dakizuenez, Landartek tokiko biztanleen parte-hartzea sustatzen du arte sorkuntzaren prozesua osoan zehar, “hausnarketa eta ekintzak” sortzeko helburuarekin, ekimenaren eta herritarren arteko loturak ehunduz. “Ekimenak lan-esparru bat proposatzen du, non artistek eta tokiko komunitateek denbora, entzutea eta prozesuak partekatzen dituzten, lurraldeari, bertako biztanleei eta herri bakoitza zeharkatzen duten harreman kultural, sozial eta afektiboei lotutako proiektuak aktibatzeko. Proposamenak laguntza, lurraldean presentzia eta komunitateekiko harreman zuzena oinarri dituen metodologia mantentzen du”.
Landarte 2026k bitartekaritza-talde bat ere badu, parte-hartzaile guztiak (herriak, sortzaileak eta erakundeak) koordinatzeko, dinamizatzeko, sortzaileei komunitatearekin eta ingurunearekin lotura eraikitzen laguntzeko. Horrez gain, programak komunikazio-talde bat ere badu, Landarteren webgunearen bidez programa zabaltzeko. Bertan eskuratu ahal duzue informazio guztia.



