
Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialditik makina bat artista pasatu dira azken 15 urteetan, eta horietariko asko erretratuetan harrapatu ditu Asier Bastida argazkilariak. Orain irudi horien lagin bat Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako The Folk Faces argitalpenean agertu ditu, “herriaren tradizioetan, folklorean txertatuta dagoen arima, herri-nortasunaren gaineko harrotasuna” erakusteko.
Argitalpenean Portugaleteko Folklore Jaialdian parte hartu duten 36 herrialdetako artisten 65 erretratu biltzen dira, baina askoz lan handiago egin du: bost kontinenteetatik etorritako 45 herrialdetako 800 pertsona baino gehiago erretratatu ditu.
Bastidak azaldu zuenez, “folklorearen bidez belaunaldi askotako tradizioa eta kultura harrotasunez erakusten duten herriak izan zituen inspirazio-iturri. Jantzi tradizionalak jarrita agertzen diren pertsonen erretratuen bidez, Bastidak pertsona bakoitzaren esentzia, arima eta sustraien eta tradizioen gaineko harrotasuna jaso ditu. The Folk Faces liburuaren xedea da protagonista ezezagun horiei aurpegia jartzea, beren bizitzan zehar beren jatorrien, sustraien eta historiaren ondarea mantentzea erabakitzen duten pertsona horiek anonimotasunetik ateratzea”.