ESZENA

Aurtengo “Antzerkizale Eguna” Bilbon ospatuko da

Aurten EHAZEk antolatzen duen Antzerkizale Eguna Bilbon ospatuko da, “Euskal Herriko hiririk handienean ere euskal antzerkiak bere lekua izan behar duelako”.

Berez Antzerkizale Eguna bi egunetan (urriaren 14 eta 18an) banaturiko saioen bidez osatuko da. Hala, lehen saioan, Bilboko La Bolsan, mahai ingurua egingo da 19:30ean, eta Bilbo, antzerkia eta euskara gaia jorratuko dute Alicia Otxandotegi, Ane Zabala, Mikel Martinez eta Agus Perez adituek.

Antzerkiari dedikaturiko bigarren saioa urriaren 18an izango da, eta bertan egun osoko egitaraua ondu dute antolatzaileek. Hala, larunbat goizean Alde Zaharrean Eidabe taldeak Sardina Freskue! lana eszenaratuko du Plaza Berrian, 12:30ean.
Eta honen ostean Pabilioi 6n jarraituko du jaiak: bazkari herrikoiarekin, Erriberako auzotarrek prestatutako Pastoralarekin eta beste hainbat sorpresarekin, tartean EzDokHiruk egingo du Desentxufatuak.

Egunari amaiera emateko, Antzerkizale Saria banatzeko gala eskainiko da gai berezi batekin: emakumeak eta antzerkia. Zer daukate emakumeek esateko beren ikuspegitik euskal antzerkiaren munduaz? Zer dute erakusteko? Zer antzezteko?
Hori dela eta, 70eko hamarkadan Gabriel Arestiren inguruan sortu zen Kriseilu antzerki-taldearen partaide eta zuzendari izandako Begoña Foruria bilbotarra izango da sariduna.

Euskal antzerkia maite duen orok, beraz, hitzordua du Antzerkizale Egunarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button